P: Prostatako minbizia. Gero eta gehiago entzuten da, ez dakit gero eta kasu gehiago daudela esan daitekeen.
Ion Madina: Azken urteetan, urtero %10 igotzen ari da diagnostiko kopurua. Ez dut uste minbizi kasu gehiago dagoenik, seguruenik analisi gehiago egiten direlako. Garrantzi handia du prebentzio aldetik kontsultara joateak, zeren prostatako minbiziak lehenengo faseetan ez du sintomarik ematen, pazienteak pixa ondo egin dezake. Beraz PSA proteinaren odol analisiaren bidez ikus daiteke zenbateko probabilitatea dagoen minbizia topatzeko. Honekin eta ekografia baten bidez jakin dezakegu minbizia izan dezakeen edo ez.
P: Orduan, odol analisia egin eta gero proteina hori agertzen bada beste proba batzuk egiten dituzue.
IM: Bai, normalean zalantzarik badago minbizirik dagoen edo ez, biopsia bat egiten da, zati txiki batzuk ateratzen dira eta hori mikroskopioan ikusi eta patologiek esaten digute hor minbizirik dagoen edo ez.
P: Adinarekin izango du zerikusia. Gero eta adin gehiago orduan eta arrisku gehiago edo aukera gehiago?
IM: Normalean batazbestekoa handiagoa da 70-72 urteen artean. Azken urteetan 45-50 urteen artean ere kasu ugari dago. Bi kontzeptu daude. Batetik minbizia sortzen duten arazoak eta bestetik adinaren aldetik, orduan eta zaharrago izan orduan eta aukera gehiago pixa egiterako orduan arazoak izateko, prostata arazoak izateko. 45 urtetik aurrera minbizia progresiboki agertzen ari da eta kontsultan hori ikusteko prest egon behar dugu.
P: Arriskutsuena da minbiziak sintomarik ez duela azaltzen hasieran.
IM: Bai. Begira, errazago azaltzeko maskuri bat ekarri dut. Maskuria poltsa bat da, bertan giltzurrunetik datorren pixa biltzen da eta bertatik pixa ateratzen da prostataren erdi-erditik. Prostata maskuriaren ondoan dago, laranja antzekoa dena. Minbizia prostataren azalean sortzen da, eta ondorioz ez dio gaixoari sintomarik erakusten pixa egitean.
P: Orduan garrantzitsua izango da urtero odol analisiak egitea urte batetik aurrera, adibidez 45 urtetik aurrera.
IM: Bai, 45-50 urtetik aurrera, analisi bat eginez bi orduan emaitzak ditugu. Honekin zalantzak uxatzen ditugu.
P: Beraz, emakumeen kasuan bezala, bularreko minbiziarekin pasatzen dena, adin jakin batetik aurrera urtero probak egitea gomendagarria da.
IM: Bai, hori garbi dago.
P: Zuek kasu asko ikusiko dituzue. Gero eta lehenago detektatu orduan eta hobeto.
IM: Minbizia hedatua dagoenean operazioak ez du zentzurik, ez da dagokion tratamendua. Beraz, minbizia gero eta txikiagoa izan eta lokalizatuagoa egon, orduan eta hobe.
P: Prostatako minbizia dagoenean prostata osoa kentzen da?
IM: Bai. Operazio bidez prostata osoa kendu behar da.
P: Zein da prostataren funtzioa?
IM: Gazteak garenean espermatozoideen janaria ematen du eta fluxua erregulatzen du. 50 urtetik aurrera gauza gutxirako balio du. Prostatak bi arazo eman ditzake. Adinarekin pixa egiteko arazoak eman ditzake, eta orduan prostataren barrualdea kentzen da. Aldiz, minbizia azaltzen bada prostata osoa kendu behar da. Minbizia gero eta lehenago aurkitu, konplikazioak txikitzen dira. Betidanik bi konplikazio izan ditugu prostata kentzean. Batetik pixaren jarioa, inkontinentzia. Gaixo batzuk jarioarekin geratzen dira bizi guztirako. Bestetik, erekziorako arazoak. robotarekin egindako ebakuntza gero eta lehenago egin, inkontinentzia ekiditeko aukera gehiago daude, eta minbizia lokalizatua bada prostataren ondotik pasatzen diren erekziorako nerbioak mantentzeko aukera dago. PSA proban datua 10etik gorakoa bada nerbioak uztea ez da gomendatzen, erekzioa mantendu daitekeen arren minbizia guztiz ez kentzeko arriskua dagoelako.
P: Robotika aipatu duzu. Gipuzkoako Poliklinika da erreferenteetako bat. Da Vinci robota duzue. Erraz esanda nola azal daiteke robot hau?
IM: Bai. Amerikatik datorren teknika bat da. Robotak berak bakarrik ez du ebakuntza egiten. Robota gaixoa eta zirujauaren bitartekari da. Robotak hiru dimentsioko irudia ematen dizu eta horrela prezisioa handiagoa da. Pultsua guztiz mantentzen da. Zirujau ona izan behar da, anatomia ondo ezagutu behar da. Berezia da, zeren orain arte gaixoaren ondoan ginen, orain beregandik 5 metrora eta eserita. Bi edo hiru orduko ebakuntzarekin nekatu zaitezke. Hau garbiagoa da, eta nekatuz gero gelditu zaitezke, robota ere gelditzen delako. Erraztasun asko ekarri ditu.
P: Oker ez banago, Euskal Herrian bi Da Vinci daude?
IM: Bi Da Vinci ospitale pribatuetan. Osakidetzan hiru ditugu. Zorte handia dugu, estatu mailan oso gutxi daude eta Euskal Herrian 5. Guk bi urte daramatzagu, AEBetan urte gehiago, eta bertan ez dago prostata kentzeko beste modurik planteatzen.
P: Da Vinci robotak prostataz gain beste ebakuntza motak egiteko balio du?
IM: Bai, urologian prostatarako eta giltzurrunaren zati bat kentzeko (nefrektomia partziala), kardiologian, ginekologian, koloneko minbizirako, kirurgia orokorrean eta abar. Kontsola batean sartzea bezala da. Robotak zirujauaren mugimenduak egindako mugimenduak errepikatzen ditu. Kamara gaixoaren barruan dago. Zauri txikiak egiten ditu, laparoskopiaren antzera, baina laparoskopiarekin konparatuz, bertan bi dimentsiotan lan egiten da, aldea handia delarik.
P: Euskal Autonomi Erkidegoan, Da Vincirekin egiten dira prostatako ebakuntza guztiak?
IM: Ez, ospitalean robota badago bai. Ospitale komarkaletan ere aukera hau izatea izango zen egokiena. Helburu bezala jar dezakegu.
El urólogo de Policlínica Gipuzkoa Ion Madina es entrevistado en el programa Arratsaldero de ETB1.